2007/02/01

Urtean zeharreko 4. eguena (I)

1. Hb 12,18-19. 21-24
ebanj.: Mk 6,7-13

I.-ren HILETETAN

HOMILIA

 

Senideok: denbora gitxian (geure belaunaldian da-ta) hainbeste aldakuntza ikusi dogu, jasan dogu edo emon dogu, eta hainbat eta hainbat dago (edo gagoz) nora ezean hainbeste gauzatan. Lehenago finkoak, mugiezinak, zirala uste gendun gauza asko mugitzen eta jausten ere ikusi dogu, eta bota ere egin doguz...

Horreen artean gauza bi azpimarratu daitekez, hiletetarako gainera esangura handia dabenak. Gaur Liturgiak emoten deuskuzan irakurgaiez argitu egin geikez eta gure jokabidea eta Jainkoari emon gura deutsogun erantzuna bideratu ere bai.

Gure sinismena da bat, eta gure herrikide izatea da bestea. Gure Herrialdea herrizalea izan da (oraindino, bere erraietan, badala esan geike), baina nabari da aldakuntzea: gero eta bakartiagoak gara, ohituretatik aldenduak eta bakotxak (gaur esaten dan lez) bere bolara, bere kaxara, bizi izan gura dau. Besteak laguntza barik enbarazu dira. Honek bere ondorioak dakarz; eta nabarmenak dira hiletetan, senideok: ez dago lehenagoko errespeturik, elizan egoten jakiterik, ez otoitz egiterik... Esan geike gero eta urrunagotik begiratzen deutsogula alkarri, Jainkoari, eta gero eta bildur handiagoz gagozela elizkizunetan...

Hauxe da Lehenengo irakurgaian entzun doguna. Honetan, Moisesek egiten diharduan herriaren antza daukagu: Jainkoaren agerpen lez hartzen dabe Sinai mendiko astrapalotsa eta, bildurtuta, Moises bialtzen dabe Jainkoagaz hitz egitera. Eta hau ere bildurrez hurreratzen jako Jainkoari.

Guk uste onezko Jainkoa hartu dogu, Jesusek irakatsitakoa, seme-alaba gaituana, Aita/Ama doguna... Baina haregazko alkarrizketa gero eta gitxiago dogunez, gero eta bildur handiagoa deutsogu... Kristau izatea galtzen ete goaz? Hainbesteraino moteldu ete jaku sinismena? Autortu beharreko gauzea izango da gero eta gitxiago gatozela elizara, liturgiak gero eta gitxiago dinoskulako, edo otoitzak edo Elizeak ere ezer gitxi dinoskulako...

Eta, bigarren gauzea, herrikidetasuna da, senideok. Hau ere, lantzen ez bada, galtzen joango da. Gaur egun aztarnaren batzuk baino ez jakuz geratzen. Erakunderen batzuen aldetik ahalegin handiak egiten diran arren, gero eta eskuhartze gitxiago, exigentzia gehiago eta handiagoak ikusten doguz nahinon. Gure arteko hartu-emonak ere nahikoa hoztu dira; alkarregaz egon behar dogunean urduri jarten gara, batez ere elizan; eta bizitzako une garrantzitsu asko bakardadean eroan edo jasan gura izango geuke...

Hona, senideok, ebanjelioan aurkitu dogun Jesusen jokabidea: bere lanerako ikasleak bilatzen dauz, eta bialtzen. Bai, senideok: Jainkoak dei egiten deusku bere lanetarako; uste ona dau gugan; ez akasgabeak garalako, maite gaituen seme-alaba gaitulako baino. Gura ete dogu geuk gure Aita/Ama izan daiten? Lotsatu ez ete gara egiten holango Aita/Ama izateaz?

Emoten deuskun eginkizuna txarkeriari, gaisotasunari, gorrotoari, handikeriari, aberaskeriari..., berba baten esateko, Deabruari aurre egitea da. Gainera, begira zelan bialtzen gaituen: biderako lagungarri izan daikegun makila bategaz baino ez: diru barik eta errepostuko jantzi barik... Hau da: ustea geure indarretan barik, beragan jarrita esan gura dau. Jainkoa dogu indar; gu bitartekariak izan geintekez. Gura ete dogu?

Horretarako, senideok, Jesus aukeratu behar da bizitzako maisu. Eta... merezi ete dau? Ba, behar bada, lehendik edo txikitatik daukagun edo sartu jakun Jainko irudi horretan jarraitzen badogu, ez dau merezi; eta horrexegaitik goaz urruntzen, hotzitzen... Baina merezi dauan Jesus eta merezi dauan Jainkoa dira ebanjelioan aurkitzen doguzanak. Jainko honek bere seme-alaba gaitu, bere Seme Jesusengan, bere eginkizunetarako deitzen gaitu eta bere altzoan hartzen. Jainko honegaz usterik osoenaz hitzegin geike, eta alkarren senide egingo gaitu, alkartu egingo gaitu, bera alkartasuna da-ta, Aita, Semea eta Espiritu Santua; eta, bakotxaren akats guztien gainetik Eliza egiten gaitu. Hemen, otoitzaren bidez, gure kezkak edo txikitasunak ere aurkezten deutsoguz usterik handienaz.

Merezi dau gure sinismena indartze bide izan daiten I.-ren hileta elizkizun hau, eta bere alde otoitz egitean, geu garala lehenengo onuratuak ikusteak.

Hausnartu daigun unetxo baten.