URTARRILAK 4
Juan Mariren HILETETAN
Senideok: Juan Mariren bat-bateko heriotzeak gure artean —batez ere etxekoen artean— atsekabea sortu badau ere, entzun daigun sinismenetiko deia: Jainkoak gure artean gutariko bat gehiago lez jaioaz, gu guztiok bere seme-alaba egin gaitu. Hau jakiteak, sinisteak eta norberetzeak ez dau senide baten heriotzeak haragian sartu dauan atsekabe-eztena kentzen eta zauria guztiz osatzen; baina bai laguntzen dauala irunsten, norberetzen, lehuntzen eta itxaropenez bizi izaten.
Juan Mariren errautsen inguruan egin geiken otoitzean Jainkoagaz egin behar dogu topo; baina geuk, ez abadeak edo besteek, otoitz egiten dihardugun guztiok baino. Otoitzaren indarra ez dago formula bat esatean, norbera kanpoan geratuz, Jainkoagaz topo egitean baino, harremanotan norbera sartuz.
Gabonetan ospatzen dogun misterioan Jainkoak guganako egin dauan bidea begiztatzen (edo kontenplatzen) dogu: herri bat gertatu dau Jainkoak profeten bidez eta irakatsiz; emakume bati (Mariari) baimena eskatu eta haren erraietan haragi hartu; ume lez baztertxo baten jaio; lehenengo gurtzaileak kultura hartako azkenengoak (artzainak) izanik... Apaltasun eta txikitasun handiagoa behar da?
Emon dauz Jainkoak emon beharreko urrats guztiak. Geuri dagokigu orain, artzainen antzera, misteriora hurreratzea, umea gurtzea, eta jainko-poza geure barruan eroanez haren barri emotea... Beti ere, poz edo atsekabe inguruan...
Baina zaharregi ez ete gara egin, eta gauza guztiei —sakramentuei ere— ez ete deutsegu sorbalda gainetik begiratzen, goitik-behera...? Ez ete deutsegu holango gauzei txikitako ipuinak balira lez barre egiten? Jainkoagaz topo egiten dauanak ez deutse barrerik egingo; bere barruan barririk onena lez bihurtuko dira.
Gaurko irakurgaietan emon jakuz honen adibide bi, senideok. Joan apostoluaren aldietan, gnostikoek barre egiten eutsoen Joanen irakatsiari: Jainkoak ezin dau bere Jainko izatea galdu barik giza haragia hartu; eta gizakiak bere jakituriaz eta irudipenaz lortzen dau argitasuna, salbamena... Holan uste dauanak ezin deutso jaramonik egin gure artean geure arteko izan gura dauan Jainkoari. Ordukoen ezina gnostizismoa bazan, gaur beste oztopo batzuk aurkitzen doguz: eta Jainkoa bazterrean, itxaroten...
Gu, senideok, gertu gagoz gure artean geure arteko lez jaioten dan Jainkoari harrera on egiteko? Badakigu, jakin, bateatu garen arren ere gure bizitzan pekatua agertzen dana, besteen pekatua geurea baino ere argiago agertzen da-baina. Hori jakinda, guzurtzat emon geikez lehenengo irakurgaian entzundako berbok: «Jainkoagandik jaio danak ez dau pekaturik egiten, Jainkoaren hazia dagoalako harengan»; baina pekatuan, Jainko bako ilunpetan gura ez badogu jarraitu, beragan jarriko dogu uste ona, eta bere Semearen jarraitzaile izango gara.
Joan Bateatzaileak ez dauz beretzat gordeten bere ikasleak. Jesusen bidea erakusten deutse, eta, jarraitzekotan, Jesusi jarraitu behar jakola dinotse, haxe dalako pekatua kentzen dauan jainko-bildotsa. Hau da: Jainko bako ilunpetako bizikeratik atara, salbatu leiken bakarra.
Eta, harrigarria!, senideok: Jesus benetan aurkitzen dauanak ezin dau harengandik ihes egin, edo ha ezagutzera emon barik gelditu: Andresek bere anaia Simoni esan eutson...
Jainkoak, ba, senideok, gugazko hartu-emona gura dau. Geure ilunpeetan jarraituko ete dogu, misterioa ez dogula-ta ulertzen? Guzurrezkoak eta umekeriak dirala esango ete dogu? Gutxietsi egingo ete doguz gure bizitzako atsekabeak eta une zoriontsuak-eta beragazko hartu-emonetan barruratzeko Jainkoak, bere Seme Jesusengan, emoten deuskuzan aukerak (oportunitateak)?
Senideok: heriotzeak jota izten gaitu; atsekabean ere sartu geinkez, eta bidebako azalpenak bilatzera eroan, batez ere ustekabean harrapatzen bagaitu. Zer esango dogu: Erdal esaereak esaten dauan el muerto al hoyo y el vivo al bollo, ala sinismenetik begiratuko deutsogu egoereari? Andresek bere anaia Simon Jesusengana eroan eban lez, bizitzako une garrantzitsuek Jesusengana eroan geinkez, gure sinismen txepeltxoan. Jo daigun beragana; ikasi daigun Jainkoaren berbea entzuten, misterioak ospatzen, jainko-esperientzia egiten eta haren barri emoten... Ideiak baino egia biribilagoak gertatuko dira gure bizitzan, eta ezin izango deusku ezerk ere kendu barrutik... Izan gaitezan, atsekabean ere, esker oneko Jainkoagaz. Ez gara damutuko!
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home