URTEAN ZEHARREKO XXXIV. ASTELEHENA
I.ren HILETETAN
HOMILIA
Senideok: sinismenak bultzatuta, ohituraz bada ere, hildako gure senideak altara aurrera dakarguz, haren inguruan alkartzen gara eta Jainkoaren hitza entzuteko aukerea izaten dogu, eta haregaz esker oneko izatekoa.
Gaur gure senide I.-ren inguruan alkartu gara, eta lehenengo irakurgaiak zeruko liturgia zati bat aurkeztu deusku. Zein gatx egiten jakun geure burua han ikustea, ezta? Liturgiarako gero eta ohitura gitxiago daukagulako, liturgiatik ere asagotzen goazelako, senideok!
Baina hauxe da autortzen doguna: Jainko Semea dala Pazko Bildotsa; haren odoletan garbituak, eta haren bizitz-eskeintzan erosiak izan garala Jainkoarentzako…, eta gure helburua, haren aurrean aintzazko abestia betiraun guztian kantatzea izango dala, zerutar guztiekaz batera.
Zelan edo halan azaldu behar dogu, senideok, sinisten doguna; irudipean egiten deusku Joan apostoluak Apokalipsia liburu honetan, eta gero eta gatxago egiten jaku ulertzea. Baina hurreratuko bagina, barrura sartuko bagina, eta gure etxekoak ere ekarriko bagenduz… ez ete geuke sumatuko senideen berotasuna, alkartasuna, laguntasuna..., maitasuna azken baten?
Geure bizikereak garoaz, senideok, alkarrengandik asagotzen, elizkizunetan ez agertzen, Jainkoagazko hartu-emonei atxakiak jarten…, eta alkarrentzat gero eta senideago barik, gero eta ez-ezagunagoak eta bildurgarriagoak eta arerioagoak bihurtzen gara.
Guk geuk gura doguna esango dogu, geure burua engainatu ere egingo dogu, geuk gura doguzan atxaki guztiak ere jarriko doguz, baina badakigu jakin, zenbat eta zekenagoak garan alkarregaz, eta Jainkoagaz, hainbat eta zorion gitxiago izango dogula bihotz barruan.
Hauxe da ebanjelioan ikusi doguna. Jesusek, begira eta ingurua arakatzen diharduan Jesusek, begiak zabaltzen deutsez ikasleei, eta baita adimena ere. Aberatsek gainezka daukenetik emoten dabe (sobran daukenetik), eta honek ez dakartse pozik. Emakume alargun pobre harengan Jesusek zera aurkitzen dau: bere pobretasunean, eta pobrea dalako, Jainkoagan daukala uste on osoa, eta bizi izateko daukan apurtxoa bera ere, Jainkoarentzako daukala.
Zer gertatzen jaku guri, senideok? Geure burua eta bizikerea aztertzen bildurtu eta lotsatu egingo gara baina… Zer gertatzen jaku? Aberastu egin garala; baina ondasunetan, dirutan… Aberastu ete gara gizatasunean, alkartasunean, errespetuan, maitasunean? Hori ez dau diruak emoten! Txikia izan da (izan bada!) gure sinismena eta alkartasuna, aberastasun apur batek iruntsi badeuskuz!
Ez ete gara hurreratuko Jesusengana berak zabaldu deiguzan begiak eta bihotza, eta berak jarri gaizan Jainkoagana uste osoz begira? Esker onez abestuko geukez liturgiako kantuak geure uste ona agertuz, hildako gure senide I.-ren egunak eskertuz eta hain beharrezko dogun alkartasuna eskatuz. Baina honek, senideok, gure barruan leku apur bat eskatzen dau, eta aberaskeriez beteta badaukagu, izango ete gara gauza, apurtxo bat behintzat husteko, Jainkoaganako uste onak barritu gaizan? Jo daigun otoitzera:
Jesus Jauna,
zuk bai badakizula sakonera begiratzen;
zu ez zaitue itsutzen azalkeriek edo aberaskeriek,
ez ohikeriek ere ez.
Ikusten gaituzu, Jesus,
gauza asko daukaguzala sobran, galduta,
geure aberaskerietan zeken eta bihozgogor.
Zabaldu eiguzuz begiak eta bihotza
begiratzen eta maitatzen jakin daigun
eta esker oneko izan gaitezan eguneroko bizitzan.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home