2006/11/06

URTEAN ZEHARREKO XXXI. ASTELEHENA

I.-ren hiletetan

 

Homilia

      Senideok: hildako senidearen alde otoitz egitea, honei lur emotea eta Jainkoari honein bizitzako egun guztiak eskertzea eginbehar dogula esan geike. Sinistun eta esker oneko garala esan gura dau honek.
 

      Baina, izan daigun gogoan: hildako gure senide bat Jainkoaren aurrean esker onez jarterakoan, Jainkoak itxaropena biztu egiten deusku eta bizitzarako adorea emoten, beti ere haren aurrean sinismenez aurkezten bagara.
 

      Begira, ba, gure senide I. Jainkoaren aurrean jarterakoan, Jainkoak, egin doguzan irakurgaietan, esandakoa. Goazen apurtxo bat hausnartzera.
 

      Lehenengo irakurgaiean san Pauloren burubideak entzun doguz: edozein gurasok euren umeengandik itxaroten dauzan jokabide zentzudunak dira. Eta eskatzen badira, zeozergaitik izango da, ezta?
 

      Argi dago nor baino nor handiagoka doan gizarte baten bizi garala, eta, norberak garaile urtetearren, ondokoak, senide izan arren ere, zapaldu edo zapuztu egin behar badira, egin egiten dirala. Eta, gainera, besteekazko gero eta hartu-emon gitxiago daukagu, eta alkarrenganatzen baino alkarrengandik urruntzen ahalegin gehiago egiten dogu… Bakotxak bere burua gailentzearren!
 

      San Paulok, ostera, alkartasuna eta bihotz bakarra eskatzen deutse filipostarrei (edozein gurasok eskatuko leuskiena euren seme-alabei). Baina baldintza bat aitatzen dau apostoluak: «Espiritu batek berak alkartzen bagaitu…». Eta hau eskari, eskakizun, betebehar, bihurtzen jaku Jainkoaren esanetara bizi izan gura dogunoi.
 

      Jainkoaren aurrera gure esker ona agertzekotan eta betebehar bat betetekotan aurkeztu, eta eginkizun bategaz (eta zelango eginkizuna, gainera!) bihurtu… Holangorik!
 

      Baina horixe berori aurkitu dogu ebanjelioan ere, senideok. Jesus bazkaltzera gonbidatzen dauan Farisear handikiak Jesusen esker onezko berbak hartzen dauz. Baina zeintzuk izan ziran? Bizitzan zelan jokatu irakatsiko eutsozan berbak. Gogo onez hartzen badakiz, Jainkoaren nahian sartuko da; txartzat hartzen badauz, barriz, bere berean jarraituko dau.
 

      Salmoan otoitz eginez esan dogu, senideok, Jainkoari erantzuteko behar doguna. Ez da gauzak egitea egin behar diralako; egiten dira Jainkoagazko hartu-emonetan bizi garalako; eta, horretarako, bihotz apala eta amaren altzoan seinak dauan uste ona behar dira…
 

      Zeure maitasunerako sortu gaituzu, Jauna,
      eta esker onez erantzun gura deutsugu
      gure eguneroko betebehar guztietan,
      bai eta mingarrienetan ere.
      Emoiguzuz, ba, bihotz apala eta seinaren uste ona,
      ondo eginaren txaloak itxaron beharrean
      geure burua besteen zerbitzuan jarri ahal izateko,
      eta horrela, Espirituaren batasunean bizi izateko.