2007/01/15

URTARRILAREN 3

BEGOÑEren hiletetan

 

     Senideok: Gabon jaietan, Urte Barri giroan, alkarri zorionak opa deutsoguzan egunetan, hileta baten inguruan alkartu gara, Begoñe gorpu dogu gure aurrean. Eta, autortu daigun, senideok: gero eta hotzagoak, alkarrengandik bananduagoak eta sinismen txikiagokoak agertzen gara.

     Hildakoari lur emon behar jako (edo erraustu egin behar da...); eta, ohituraz, elizara joten dogu. Gehienetan, senideok, gure nagusiak-eta, sinistunak, eliztarrak direlako, edo izan diralako. Baina, ondorengook...? hor, erraietan, zeozer somatzen dogu, behar bada, bizitzearen sakontasunaz galdetzen badogu. Baina, askorik sakondu ez dogulako-edo, hainbatek bere eztabaidetan ihes egitea erabagi dau, eta kristau alkarte barik gelditu da, edo elizkizun barik, sakramentu barik... Ez ete dira sinismen barik eta Jainko barik gelditu?

     Gabon aldi honetan Jainkoaren gizakunde misteriora hurreratzen gara. Ezin daiteke berez ulertu edo onartu Jainkoaren gizakundea. Gure gizatasunari gatx egiten jako ulertezinak onartzea (eta gero ta burutsuagoak gara...). Lehenengo irakurgaian aurkitu dogu Joan Apostolua gogor aldezten bere esperientzia gnostikoen aurrean, eta aholku gordinak emoten bere ikasleei. Burruka artean bizi dau Joanek bere sinismena; eta haren autorra (testigantzea) emoten deusku jarraibide.

     Zein erreza dan, senideok, sinistun sutsu agertzea zer sinisten dan argi dagoanean; edo autorle sutsu agertzea sinismen-esperientzia bizi-bizi danean. hauxe da Joan Apostoluaren egoerea, eta ebanjelioan gero ikusi dogun Joan Bateatzailearena. Baina gurea... Zenbateraino ez ete da izan, gurea, inguru-sinismena, edo leku-sinismena..., norberetu bakoa, gazbakoa? Ez da harritzekoa, ba, inguruak ikara egin dauanean gure sinismena ere kinkan jartea eta hotzitzea.

     Gaurko irakurgaietan autormena (edo testigantzea) izan dogu nagusi: Joan apostoluak bere testigantzea emon deusku, gure Jainko seme-alabatasuna azpimarratuz, eta duintasun hori sendotasunez bizi izatera bultzatuz. Baina zein gatx egiten jakun! Zenbat ezbai edo duda agertzen jakuzan!.. Berez daroagun duintasun honek, Jainkoaren seme-alaba izateak, bere agerpena eskatzen dau. Agerpen hori gure txikitasunean, makal eta pekatari izatean agertuko da. Hori dala-ta, alkarri lagundu egin behar izango geuskio, baina barre egiten deutsogu. Hortxe behar doguz autorleak, testigantza emoileak.

     Sinismen autorleak behar dabez eliztarrek, hel eta nagusiek; eta badirudi abadeok ez gagozela maila horretan. Sinismen autorleak behar dabez gazte eta umeek; eta badirudi gurasoak ez dagozela maila horretan... Ez dogu sinismen autorle izan gura eta sinismena hozkerian bizi dogu; dana jarten dogu zalantzatan, eta non edo han gura izaten dogu babestu, besteen sinismena-edo salatuz, edo gutxietsiz...

     Egoera horretan, senideok, aukera eder bat emoten deuskue gure senide hildakoak Kristoren Pazko misteriora hurreratzeak, Jainkoaren berbea entzuteak eta beste kristau batzuekaz alkartzeak. Ez daigun bildurrik izan edo lotsarik gure sinistun izatea edo jainkozaletasuna autortzeko. Izan daigun adore Jainkoaren erregalua (bere seme alaba egin gaitu) aintzat hartzeko. Eta zian daigun uste on osoa beragan: gure bizitza bere eskuetan hasia danez, eta bere bihotzeko taupadetan garatu danez, betiraunean sartuko dala, betiraun horretan bizi izateko osoko bizitzea; hau da, Jainkoaren maitasunekoa.

     Hau ez da ikustekoa, senideok. Baina bada somatzekoa isiltasunean geure barrura sartzen ikasten badogu, han egitasuna aurkituko dogu-ta, eta ez dogu bilatuko gure txikikeriak-eta ezkutatzerik, eta gure burua engainatzerik. Eskatu daigun, ba, barruan somatzen dogunaren autorle izateko adorea.