2006/12/18

ABENDUKO III. Astelehena

HOMILIA


Senideok: gure inguru guztia eta gure familiak ere argiz, edergailuz eta apaingarriz, Gabon jai alaitsuak gertatzen diharduen une honetan, gu I-ren gorpuaren inguruan alkartu gara haren bizitza osoa Jainkoari aurkezteko eta gure sinismena eta Jainkoagan dogun uste ona indartzeko.


Uste izan daiteke kontraesaneko gauzak dirala. Baina ez, senideok: gure bizitzan zehar barrea eta negarra, atsegina eta atsekabea txanpon beraren alderdi biak balira lez doaz estu-estu lotuta. Hain zuzen: jaiotza unean, gure ingurua zorionez bete unean, jaiobarriari negar ereiten jako arnasea hartu ahal izan daian… Onartu beharra dogu, ba, gizakion izaerea. Begitu larrosa gorri usaintsuari eta kontuan hartu: ez dago arantza bako larrosarik…


Atsekabearen ingurutik jasoten dogu, ba, gure otoitza. Eta Jainkoagaz egiten dogu topo. Hemen ere kontraesanean bizi bagina lez: Jainko gizon egina sinisten eta autortzen dogu; gure artera etortean, geu salbatzeko, gure artean lekurik aurkitzen ez dauan Jainkoa; eta ume, txiro eta erbesteko lez jaio, eta beretarrek kanpora atara eta heriotzea emongo deutsoe. Jainko egarri dan herriak eta gizakiak Jainkoa baztertu egingo dau eta heriotzea emongo deutso.


Egunotan Jainkoaren gizon lez jaiotea ospatzeko gertatzen dihardugu. Gertakizunon barri emon jaku iragarri doguzan irakurgaietan eta otoitzean. Jeremiasek itxaropen berbak zuzentzen deutsoz herriari, aldi barriak adieraziz, eta Jainkoagazko hartu-emon barrietara deituz. Salmoan Jainkoaren benetako erregetasuna goraldu dogu, aginte guztien eredu jarri guran. Eta ebanjelioak, lerro gitxitan, jainkozaleak ez dagozela bizitza honetako gaxtasunetatik kanpo agertu deusku.


Merezi dau, senideok, ebanjelio txataltxo hau apurtxo bat hausnartzeak. Maria eta Jose jainkozaleak dira, haren esanetara buru-belarri dagozenak. baina euren zalantzak (edo dudak) daukez. «Zelan izan daiteke hori?
» —galdetzen eban Mariak. Eta Josek ezin dau ulertu Mariagan gertatzen dana. Dana bertan behera itzi eta ihes egin gura dau…


Jainkoak ez dau gure bizikerea errezten, senideok. Zenbat holango eskatzen deutsoguzan, baina. Baina bai baimena eskatuko dauala, eta eginkizunen bat emongo… Bere gauzetarako beharrezko gaitu Jainkoak, gu barik ez daualako gure gain ezer egingo. Eskale apal agertuko jako Joseri: «Dabiden seme, Jose, ez izan bildurrik Maria zeugaz eroateko. Harengan dagoana Jainkoagandikoa da-ta… Eta zuk Jesus ezarriko deutsozu izen» —dinotso aingeruak.


Jakingo bagendu geuk ere barru-isiltasunean Jainkoaren ahotsa entzuten, Maria eta Joseren antzera… Zer behar ete dogu horretarako? Beharrizanak estutzen gaitunean Jainkoagana joten dogu, eta entzun eta erantzun egin behar deuskula uste izaten dogu. baina ze arreta jarten ete deutsogu Jainkoak berak esan gura deuskunari, eta gure inguruan egon gura dauan horretan ze eginkizun eskatzen deuskun jakiteko…?


Esan daiteke, Jainkoagazko gure hartu-emonak etenda dagozela, eta, beharrizanetan, gugandik harenganako oihuak zuzentzen dirala. Baina egunotan ospatuko dogun misterioak besterik argitu eta irakatsi gura deusku: gizakion beharrizanetan buru-belarri sartuta dagoala Jainkoa, baina geu behar gaitula, bakotxak bere aldetikotxoa emonda, salbamena bideratzeko. Bultzaka dihardu gure barruan; baina geuk bideratu behar dogu parkamena, berradiskidetza, alkartasuna, bata besteaganako ardurea, bakea…


Mariak eta Josek eurentxoa Jainkoaren esku jarriz emon eben lehenengo pausoak, eta Jesusen inguruan alkartu ziran lehenengo ikasleek emonak, eta hurrengoek, et…, gaur geure hondar garaua eskatzen dabe. Eta gurea ere, atsekabe artean emongo dan poztasunezkoa izango da. Izan gaitezan, ba, esker oneko Jainkoagaz, eta emon deioguzan eskerrik beroenak hain paraje jakulako.