URTARRILAK 2: (1Jn 2, 22-28; Jn 1, 19-28)
Senideok: senide baten heriotzea, edo senide bat galtzea, beti ere atsekabetsua bada, egunak eta egunak ere badagoz. Etxe-giroa gauzatzen daben egunetan etxeko bat galtzeak atsekabe handiagoa emoten dauala esan daiteke.
Heriotza baten inguruan hitzik barik, mutututa gelditzen bagara, eta laguntza edo adore hitzak entzuteko baino ez bagara prestatzen, esan daikegu, une horretantxe gagozela Jainkoaren berbea, berba adore-emoilea, berba salbagarria entzuteko egoerarik egokienean.
Baina holan izaten ete da, gero? Sarritan atsekabeak berak menpean hartuta gaukaz eta ez dogu ezer ere, inogandik ere, itxaroten; geurean, ilunperik sakonenean, sartuta, galduta, itsututa, gortuta egon geintekez...
Itxaroten ete dogu ezer Jainkoagandik, senideok? Holango galdera batek mindu egin geinkezan arren, Jainkoagaz —eta geure buruagaz— zintzo jokatu gura badogu, eginbeharreko galderea dogu egunotan: itxaroten ete dogu ezer Jainkoagandik? Hainbeste dagozelako urrunduta, desengainatuta, hotzituta edo epelkerian..., hortik ezin geikela-ta argibiderik izan.
Baina, noizbehinka, horraitino, gure ilunpe edo atsekabean ere, zabaldu leiteke zirrikituren bat, edo ate-leihoren bat, eta handik Jainkoaren argitasunik sartu, senideok. Eta horrela gertatzen bada, egin harrera on argi-izpi horri, berba adore emoile horri.
Kristautasunaren hasieretara eroan gaitu lehenengo irakurgaiak. Eta judeguek alboko kulterekaz (gnostizismo deritzoenagaz) daukazan eztabaidetan (eztabaida gogorretan) sartu gaitu. Eta argibide izan leikigu. Ez, horraitino, edozerk ere bardin badeusku; baina bai egia edo zintzotasuna edo Jainkoari esker onez erantzutea bilatzen badogu.
Gnostikoentzat ezinezko zan Jainkoak haragi hartzea; eta ezin dabe onartu Jainkoaren gizakundea (guk egunotan ospatzen dihardugun misterioa: Jesusen jaiotzea), Joan apostoluak iragarten dauana. Eta Joanek ezin dau onartu berak bizi izandako Jesusegazko esperientzia ukatu beharra; ha ukatzeak Jainko Aita ere ukatzea dakarrelako. Horregaitik azaltzen dau gogortasun eta sendotasun gartsuz bere esperientzia. Eta bere ikasleak ez dauz bardinkerian ikusi gura; Espirituaren egitasunera eroan gura dauz.
Hauxe da penagarria, senideok: guri bardin deuskula, gehienbat, eta ez dogula gure jainkozaletasunetik ezelango gozotasunik, atseginik edo bizi izateko adorerik ataraten. Atsegin iturrriak aldatu egin doguzela!
«Orduan, zer dinozu zeure buruaz, bialdu gaituenei erantzun bat emon deiegun!» —inotsoen Bateatzaileari batzuk, eta «... zergaitik bateatzen dozu, orduan...?» —galdetzen deutsoe farisearrek. (Batzuen iturria agintariak dira; besteena Legea!). Eta arduraz dagoz. Eta arduratsu bizi danak erantzuna eta argitasuna behar dauz.
Hauxe da penagarria, senideok: gure sinismena, gehienbat, arduragabekeriaz bizi dogula, inoren aurrean erantzunik emon behar barik, eta ez dogula itxaroten ez erantzunik ez argibiderik.
Hasi barri dogun Urte Barri honetan, senideok, sinismena aintzat hartu gura badogu, handik atsegina, argitasuna eta erantzunak etor dakiguzala gura badogu, arduratu, galdetu... egin behar izango dogu. Eta izango doguz aukerak Jainkoaren berbara joten badogu: Jaiobarriari jarraituko deutsogu-ta bere bizitza guztian zehar, Liturgiaren eskutik; eta beragan ikasiko dogu Jainkoak gutaz itxaroten dauana, eta zelan bere Espirituaz adoretzen gaituan, sentituko dogu, erantzun eskuzabala emon ahal izan deiogun.
Telesfororen aldeko otoitza egitean, ba, eskertu deiogun baita geuri egiten deuskun grazia ere.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home