Urtean zeharreko 3. martitzena (I) (2007/01/23)
Franziskoren HILETETAN
Senideok: ziztu bizian gabizenok ia ez dogu ezertarako astirik ataraten, batez ere patxadaz jarri eta hausnartzeko, begiratzeko, gozatzeko, atsegin hartzeko… Etengabeko joan-etorrian emoten dogula —esan geike— bizitzaren zati on bat. Eta beste zati on bat alperrik galdu dogula uste izaten dogu, hainbat gauza ezkutatzen ahalegintzen garalako.
Baina holango uneak… Heriotzeak hur-hurretik ikutzen gaituanean… Gure barruan, heriotzearen geldi aldian, erantzunik aurkitzen ez dogunean… Abiadea bera erantzun ez danean… sakonera begiratu gura izaten dogu, eta hainbat galdera egiten deutsoguz geure buruari: merezi dau abiadura honek, bizitzearen zati bat ziztu bizian emoteak, zati on bat alperrik galtzeak, beste zati eder bat ezkutatzen ahalegintzeak… merezi dau?
Eta altara aurrean, senideok, Jesukristoren oinetan ahozpezten gara, buru-makur, isilean, laguntza edo erantzun-eske… edo ez. Egon. Eta... zer aurkitzen dogu? Lasaitasunean Jainkoaren nahia bilatu eta erakutsi dauan Jesus. Haren hitza ez zan izan ziztu bizian inora ere ez doanarena; oinak lur gainean ondo finkatuta begiratzea, ikastea, hausnartzea eta irakastea baino. Zer, baina? Jainkoaren nahia.
Guk, behar bada, izen handiz, diruz edo agintez gura izango doguz bete gure bizitzako egunak. Eta eskatu egingo deutsogu horretarako laguntza Jainkoari, opariak eta otoitzak eta gauzak eskeiniz. Jesusek ez. Jesusek bere burua eskeintzen deutso Jainkoari opari bizi…, eta haren opariak gure pekatu guztiak garbitu deuskuzala dinogu. Hau da: pekatua garbitzeko bide bat emon deusku, bere bizitzeagaz batera: geure burua eskeintzea.
Hebertarrei egindako gutun horretan, antxinako otoitz liburuetatik hartutako ideia bat emon jaku: Jainkoak ez dauz gura gure opariak, edo gauzak, edo otoitzak… Jainkoak geu gura gaitu. Hori da otoitzetan agertzen doguna? Zoriontsu hori aurkitu eta bere burua Jainkoari eskeintzen deutsona, ziztu bizian dabizenentzat irrigarri gertatzen badira ere.
Jesus honek, ondo ezagutzen dogula eta zer agintzen deuskun ere ondo dakigula uste dogun eta esaten dogun Jesusek, behin baino sarriagotan lehertuazo egiten dauz gure usteak eta paradigmak. Guk familia dogula onurarik handiena, esaten dogu, edo handienetarikoa; baina zenbat familia ezagutzen doguzan bananduta, zatituta eta haserre bizi direnak…!
Gaurko ebanjelioan, ostera, Jesusek bere familia ez dauala aintzat hartzen emoten dau. Horixe dirudi, behintzat. Lehenengo ta behin Jainkoaren nahia bilatzea, ezagutzea eta irakastea dala… Baina, autortu daigun: zerk alkartzen dauz familia bateko kideak: diruak?, izen handiak?, aginteak? Behar bada, barre egingo dogu, baina sendi-kideak alkartzeko otoitza baino indar handiagorik ez dogu aurkitzen. Jainkoaren berbeak baino beste zerk alkartu geinkez estuago? Norbere burua eskeiniz besteen ona bilatzea baino ba ete dago maitasun agerpen handiagorik?
Ez da Jesus, berea baino beste ezer ikusi ezinik, ziztu bizian dabilana. Oinak lurrean ondo ezarrita daukaz; haren begiek begirada sakona dabe; eta edozertan bilatzen dau Jainkoari zerbitzea, «hona hemen ni» —esanez, eta bere bizitzea besteen onerako eskeiniz.
Ikasi daigun Jesusengandik, senideok, maisu dogu-ta. Eta Franziskoren bizitza osoa eskeintzen dogun une honetan, eskatu deiogun geure burua eskeintzeko gauza izan gaitezala. Gure otoitza ere izan daitela «hona hemen ni, Jauna, zure nahia egiteko».
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home