2007/01/31

URTEAN ZEHARREKO IV. EGUASTENA (07/01/31)


( Hb 12, 4-7.11-15 / Mk 6, 1-6)

I.-ren HILETETAN 

HOMILIA

 

Senideok: heriotzan, jaiotzan lez, elizara joten dogu, Jainkoaren aurrean jarteko asmotan; Jainkoa da bizitzearen iturria, sorburua, baina baita jomuga ere, bizitzea burutzen dauana. Hauxe autortzen dogu, ba, gure jokabideaz: Jainkoagan hasi garala, beragan amaitzen eta amaituko dogula, eta hazi ere, beragan hazten garala.

Bizitzaren hasieran, jaiotzan, Jainkoak geure eskuetan izten duala bizitza bat somatzen dogu. Eta heriotzan, edo berak eskatzen deuskula bizitza hori, edo geuk eskeintzen deutsogula somatzen dogu. Eta, bitartean? Bitartean bizitzaldia dago, eta hortxe agertzen dogu Jainkoagazko zein lotura dan gurea.

Bizitzaldia sinistun lez egiten dogula guk esaten dogu, sinistun inguru baten eta elizbideko inguru baten bizi garalako. Eta une honetan  gero ete elizbide txikiagoko garan arren, gure barruan beti dagoela zeozer autortzen dogu, eta irain lez hartzen inork gure sinismena zalantzatan jartea.

Baina, senideok: zerk egiten gaitu sinistun? Geuk emoten ete deutsogu titulu hori geure buruari? Edo, zer galtzen dogu sinistun ez garala autortzeaz? Zerk adierazten dau gure bizitzan Jesukristorengan sinisten dogula, eta haren heriotzea eta biztuerea guretzat salbagarri dirala? Zein gitxi hausnartu dogun honetaz; zein makalak garan; eta zein bildurrez bizi dogun gure sinistun izate hori... Zer behar dogu moteltzen jakula ikusten dogun sinismen eta elizbide hau indartzeko? Zelan hartu sendotasuna?

Senideok: sinismena Jainkoaren grazia bada, dohaia bada, Jainkoagana jo behar izango dogu dohai horren eske, eta dohai hori gure bizitzan zehar landu ahal izateko laguntza eske.

Jainkoaren hitzak, otoitzak eta elizbizitzak lagunduko deus­kue sinismena garbitzen, txukuntzen, indartzen eta alkar­ba­natzen. Eta gaur, I.-ren gorpuaren inguruan, aukera ederra daukagu gure sinismena alkarbanatzeko eta, entzun dogun Jainkoaren berbea hausnartuz, hari eupada bat emoteko, sendotu daiten.

Gure sinismenean sendoak gura gaitula Jainkoak, eta hor­regaitik zentzarazi egiten gaitula, honek min emoten ba­deusku ere, esan deusku hebertarrei egindako gutunak. Zer deritzogu? Uste dogu badogula zertan zuzendu, ala gutun honen idazlea ez dala nor zuzendu behar dogun ala ez esateko?

Senideok: heriotzea Jainkoaren zigorra dala uste dabe as­kok eta askok, eta mingarria da hurretik ikutzen gaitua­nean; baina nekeen amaia penetan egon dan batentzat, edo deskantsua burua galduta egon danarentzat... Sinistu­narentzat, horraitino, Jainkoagaz topo egiteko zabaltzen ja­kun atea, betiraunera igarotea, bizitzearen iturri eta hel­buru dogun Jainko Aita/Amaren besarkadea hartzea... Guzti hori ez dinosku gure buruak, senideok, Jainkoak berak baino, entzuten badakitsogu, bere berban. Baina, ez da egia gitxi ere gitxi joten dogula Jainkoak gugaz egin gura dauan alkarrizketara?

Gogoan hartu behar izango geukez gaurko ebanjelio txata­lean aurkitu doguzan berbok: «Harrituta egoan bera hareen sinisgogorkeriagaitik». Sinismenak ez deusku eskatzen inori kalterik ez egitea, edo ona izatea baino ez; hori gizaki guz­tien eginbeharra da. Sinismenak Jesus ezagutzea eskatzen deusku, eta honek Jainkoagan uste on osoa jartera garoaz, haregaz uste osoaz hitz egitera, haren zuzenketak, min emoten badeuskue ere, onartzera, eta haren altzora hel­tzeko egarriz bizi izatera...

Eta hauxe da une honetan alkarbanatu geikena, alkarren sinismena adoretuz, hildako gure senide I. Jainko Aita/ Amaren eskuetan jarterakoan.