08/28: Hiponako SAN AGUSTIN
URTEAN ZEHARREKO XXI. ASTELEHENA(08/28: San Agustin)
Teodoraren Hiletetan
Senideok: hainbeste ardura artean hara-honaka bizkorrean eta inor agurtu gura ez-eta gabiltzanok, gure hildakoak Jainkoari aurkezterakoan hartu geike asti laburtxo bat, Jainkoagazko gure hartu-emonak indartzeko eta gure esker ona jokoan jarteko.
Sinismenean arreba izan dogun Teodoraren inguruan alkartu gara eta, haren bizitza osoa Jainkoari aurkezterakoan, Jainkoaren berbea entzun dogu, eta haren argitara jarri gura dogu gure bizitza.
San Agustinen eguna ospatzen dau gaur Elizeak; Monika bere amaren negarrek eta otoitzek ekarri eben zuzenbidera Agustin, eta Elizearen zerbitzari handi bihurtu. Entzun daigun geuk ere harek entzun ebalako deia gure otoitza egiterakoan.
Lehenengo irakurgaian san Paulok Tesalonikako kristauei egiten eutsen sinismen-goralpena entzun badogu, Ebanjelioan Jesusek Farisearrei bota eutsezan madarikapenak azaldu jakuz. Pekatariekaz eta baztertu ta gaisoekaz hain hurrreko, samur, xume, bigun eta eskuzabal agertzen jakun Jesus berbera aurkeztu deusku Mateok oraingoan zemaikor eta barru bako. Zer dala-ta, baina?
Tesalonikarren sinismena zintzoa zan eta, sufrimentuen artean bazan ere, alkarren ona bilatzen eben Jainkoaren esker onean. Farisearrena, ostera, itxurazko jainkozaletasuna zan, azaluskeria zan, eta eurentzako eta euren ikasleentzako ere txarrerako baino ez zana. Horra zerk eragiten eutson Jesusi barru bako eta zemaikor agertzea hareekaz.
Izan geintekez geu ere pekatari, lehenengo Agustinen antzekoak. Baina itxurakerietan ezkutatzen ez bagara, geure pekatuetatik urten gura badogu, hor joaku Jesus aurretik, eta bere jarraian aurkituko dogu jainkozaletasunezko bizitza garbia, frutu-emoilea, Jainkoaren atseginekoa; egun baten berak betirauneko maitasun erreinuan hartuko dauana, gaur Teodorarena hartu dauan lez.
Agertu deiogun, ba, gure esker ona:
Jesus Jauna: ondo ezagutzen gaituzu, eta badakizu
arazo eta muga askoren artean bizi dogula
gure sinismena eta zure jarraitzaile izatea;
askatu gaizuz bildur guztien loturetatik,
atara gaizuz ezjakinaren ilunpeetatik,
garbitu gaizuz itxurakeria guztien zikinkeriatik,
gure bizikerea, barre egiten deuskuenen atsegineko barik
aintzat hartzen gaituan Jainkoaren gogoko izan daiten
eta gure ingurukoentzako ere eredugarri,
Elizeak gaur ospatzen dauan Agustinena langoa.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home