2006/08/24

08/24 San Bartolome

I.-ren hileta elizkizunean




Agorrilaren 24. San Bartolome, apostolua
(Apk 21, 9b-14 eta Jn 1, 45-51)

HOMILIA

Senideok: hara-honaka abiadura handian goazen aldiotan ez dogu izaten astirik gure barru-bizitza lantzeko. Baina, besterik ezean, holango uneak-eta, aprobetxatu geikez Jainkoaren aurrean konfiantzaz eta esker onez jarteko, batzuengan barru-minaz bada ere.

Apostolua zan Bartolome santuaren liturgia ospatzen dihardugu, Jesukristoren biztuera misterioaren inguruan, gure senide I. Jainkoaren aurrean jarriz. Eta Jainkoak bere erregalua egiten deusku: bere Semea, honen jarraitzaileen bizitzea, eta, azkenean, bere betirauneko maitasun bizitza. Murgildu gaitezan, ba, misterio horretan otoizgiroan.

Lehenengo irakurgaiak Elizea aurkeztu deusku bere edertasunean. Holangoxe edertasuna aurkitu geike Elizan Jainkoaren alderditik begiratu ezkero: «Kristal-argizko jaspe-harriaren antzekoa». Baina Elizea, apostoluen oinarri sendoen gainean eraikia izan arren, geu guztiok gaitu enparau, geure izakera eta alderdi eder guztiekaz, baina baita gure makaltasun, zikin, bihurrikeria eta pekatu guztiekaz ere.

Ez da harritzekoa, ba, Elizearen erregalua egin gura deuskunari geuk ere Bartolomek Feliperi emon eutson galdera-erantzuna emotea: «ezer onik urten ete daike, gero, Elizatik?»

Baina zintzoa zan Bartolome; bila ebilen; eta jarraitu egin eutson bere lagun Feliperi Jesusengana, Nazaretetik ezer onik itxaron ez arren. Eta zelango goralpenak entzun behar izan ebazan Jesusen ahotik!...

Bartolomeren antzeko zenbat zintzo dagoen gure artean ere, baina, edo ez dauke Jesusengana nork hurreratu, edo Elizea nork erakutsi; edo guztiz desengainatuta dagoz eta ez dabe bilaketarik egiten. Eta ez dabe aurkitzen euren zintzotasuna eta azpikeriarik eza nork goralduko dauanik.

Apaltasunean eta esker onez zuzendu deiogun gure otoitza Jainkoari:

Zenbat erregalu egiten deuskuzan, Aita ona!
Geure ondoan zagoz zeure Seme Jesusengan;
bera buru, apostoluen oinarri sendoan egiten deuskuzu
danona izan daiteken etxea, eta mahai ingurura erakarten gaituzu
gure une guztietan, batez ere negargarrienetan,
zure gozotasun eta poztasunaren barri izan daigun.
Emoiguzu Bartolome apostoluaren egarria,
oztopo guztien gainetik jo ahal izan daigun,
Eliza honetan, zure Semeagana,
berak atara daizan gure barruan dagozan
zintzotasuna, esker ona eta eskuzabaltasuna.