2006/08/24

XX. ASTEKO EGUASTENA

Josuren hileta elizkizunean


Ez 34, 1-11. Sal 22. Mt 20, 1-16a

HOMILIA

Senideok: Jesukristorengan agertzen jakun Jaungoikoa ez da asago dagoena, sufritzen dauanagaz gogoratzen ez dana; baina ez eta geuk uste dogun zuzentasuna (edo justizia) egiten dauana ere. Horixe emoten jaku aditzera egin doguzan irakurgaietan.

I.ren izenean alkartu garenok Jesukristoren biztuera misterioa ospatzeko, Jainkoa goraltzeko eta hari I. zanaren egun guztiak eskertzeko, haren berbea entzun dogu, eta berba horretan makalaren alde dagoala eta azkenengoen alde. Ez ete da hau ama baten jokerea? Esan geike, ba, Aita dogun Jainkoa, ama dogula. Amak beti urtengo dau txikiaren eta ahularen (debilaren) alde, eta umea geisotzen bada, ez da aldenduko bere ondotik. Ulertzen dogu hau, eta ez ete dogu ulertuko Jainkoaren jokabidea eta haren zuzentasuna?

Aintzat hartzen gaitulako daukaz Jainkoak langileak eta arduradunak bere eginkizunetan. Gaur euren arteko batzuen aurkako berba gogor eta mingarriak entzun doguz. Ezin dira berba gozoak izan bere herria artzainen erruz, deslai, sakabanatuta eta sufritzen ikusten dauan Jainkoarenak. Zer egin dabe artzainek?

Entzun gura dogunontzat, ba, mingarri jakun arren, bihurtzera eta osatzera eroan geinkezan hitzak dira. Hartu daiguzan geuretzat, bai abadeok eta baita guraso eta arduradun guztiok ere. «Ni neu joango naz nire ardiak batzen» entzun dogu azkenean. Itxaropenez beteriko berbak doguz, eta geuri dagokigu berbok gauzatzea; geugan dau Jainkoak bere uste ona.

Eredua Jesus dogu, Artzain ona; beragan ikusten eta ikasten dogu zenbat maite gaituan Jainko Aitak: behin eta barriro urteten dau langile bila, eta dana-dalako ordutan, lan barik aurkitzen dauanari bere mahastirako deia luzatuko deutso. Emongo dauan saria, besterik ez dau-ta, bere izakera osoa izango da, beragaz betirauneko maitasun bizitzan bizi izatea.

Zer itxaroten dau gugandik holango Jainko amak? Eskuzabalez, esker onez erantzun deiogula bere deiari, eta ez mahastira lehenengo orduan heldu ziren langileek lez; ez eben ulertu hareek Jainkoaren saria.

Apaltasunez esan deiogun Jainkoari:
Jainko Jaun ahalguztidun eta betikoa;
ama-bihotza dozu, eta gugandik hur zagoz,
gure arazo eta jasapenetan min hartzeraino.
Emoidazu esker oneko izatea,
zure zuzentasuna aintzat hartu daidan,
eta zure mahastiko arduradun
eta langile arduratsu eta zintzo lez jokatzeko.